Kalean dago jada Ondarroako urtekaria. Ondarroako Historia Zaleak elkarteak egin du datu bilketa, azken hamar urteotan egin legez, baina aurten aldaketa txiki batekin dator: izena Hondarroa izango da aurrerantzean. «XVII. mendera arteko agirietan herriaren izena era bietara idatzita agertzen da, H-agaz askotan», azaldu dute OHZkoek.
Baina, izen aldaketa horren zergatia azaltzerakoan, urtekariaren inguruan gertaturiko aldaketa baten barri emon du Historia Zaleen elkarteak: «Aurrerantzean urtekariaren lege gordailuaren jabetza OHZ elkartearena izango da, eta ez Udalarena, orain arteko moduan». Edukinetan, halan be, «betiko lan ildoekin eta betiko filosofiagaz» jarraituko dutela azaldu dute.
(Argazkian OHZko kideak, Hondarroa urtekaria eskuetan dutela)
Salgai, herriko sei lekutan
Urtekaria salgai dago, 10 euroan, Ondarroako honako tokietan: Turismo Bulegoa, Garoa, Idiakez, Irkaitz, Zurru Murru eta Urrosolo familiaren egunkari saltokia (lehengo Kafe Marina, orain Antiguako Ama kalean). 750 aleko tirada egin dute.
Gaiei erreparatuta, ohikoa den legez, orain dela 100 jaiotakoen zerrenda dakar urtekariak. Arrantza Herria sailean hainbat aztergai dakarte, tartean XVI-XVIII mende arteko bale-ehizako dokumentuak. Erretratu zaharren otzara be ez da falta; eta oraingo honetan, Ondarroako emakumeen ekarpenak euren herriari izeneko artikulua landu dute OHZko kide diren zortzi emakumek. 36ko gerra garaiaren inguruko bost artikulu be badaude. Valentin Zubiaurre margolaria zenari eta Corrado Masacci txotxongilo egileari be eskaini dizkiete bi idazlan, besteak beste.
Datu baseen sorrera, eta hamar urteko ibilbidearen bideoa
Hamar urteko ibilbidean herritarrengandik 2.000 argazki zahar inguru batu ditu Ondarroako Historia Zaleak elkarteak. Ehunka dira egindako ahots grabaketak eta elkarrizketak be. Azken sei hilabeteetan, jardun erdiko kontratuagaz, Naiara Arrizabalaga gazte ondarrutarrak jardun du hori material guztiori sailkatzen eta datu basean gordetzen. «Argazkiena ia amaituta dago, eta hurrengo pausoa ahots eta bideoen gordailua egitea izango litzateke», dio. Kontratua amaitu arren «bihotzak aginduta» jarraitu egingo du behar hori amaitu arte.
OHZ elkarteak bere hamar urteen bilduma moduko bideoa ere ipini du Interneten.
Albistea zabaltzeko bideak: Twitter, Aupatu, Facebook eta historiari buruzko foro baten. Bide gehiagoren bila ibili naiz baina ez dut aurkitu.
ResponderEliminar