viernes, 25 de febrero de 2011

The Cure taldearen bertsioak Ondarroan

The Exploding Boys taldeak kontzertua eskainiko du gaur (otsailak 26), 22:30ean Ondarroako Kafe Antzokian.
Aurresalmenta: 8,00 € (Zurrumurru eta Kafe Antzokia). Lehiatilan 10 €. Zenbat Gararen LAGUNAK: 6,00 €.
The Exploding Boys The Cure talde mitikoaren kantuak jotzen dituen taldea da.






Argazkian The Cure taldea.

lunes, 7 de febrero de 2011

MC Tortilla's

TILA taldeak Azken joerak telebistarako erreportajegintzan irakasgaiaren barruan lan hau egin du! Gazteak eta janaria da gaia. Ikusi! Merezi du!

martes, 18 de enero de 2011

Zibermedio euskaldunak aztertzen


Post hau Ahozkotasuna eta multimedia diskurtsoa irakasgaiko 8. zereginari dagokio:
Hipertestu egiturak garrantzi handia dauka nire ustez. Bideoak, infografiak, argazkiak eta ahotsak ezer baino aurretik erakartzen dute hartzailea baina horietara ailegatzeko bilaketa hitzez egiten du. Eta hor dago gakoa. Hipertestu egiturak hitz gakoak markatzeko aukera eskaintzen du eta horiek ondo aukeratuz gero, irakurlea bideratu egin dezakegu gurea kontsumitzera, gurean arreta jartzera. Horiek izan daitezke erreportaje multimedian zehar hartzailea gidatzeko jarraibideak. Esteken bitartez bideoetara eta gainerako elementu multimedietara bideratu daiteke eta.

Egia da bideoan jatorriak ere garrantzi handia duela. Izan ere, zibermedioak gutxien nahi duena da hartzailea beste medio batzuetara despistatzea eta salto egitea. Horregatik, bideoak beste medio batzuetatik hartzen bada, arrisku hori dago, gero bestera joateko eta gurean ez geratzeko. Hala eta guztiz ere, gaur egungo panorama aldatzen badago ere, oraindik gutxi dira (egunetik egunera gero eta gehiago) bideoak ere propioak dituzten zibermedioak.
Bideoen kokapena ere garrantzi handikoa da, baina bigarren maila batean utziko nuke nik. Lehendabizi, garrantzitsuena goiko puntuak ondo zehaztea dela uste dut. Eta horiek ondo zehaztu eta gero, kokapenari emango diogu garrantzia. Ez da komeni ingurua informazioz kargatuta ere egotea, arreta produktura bideratu behar dugu, eta ez periferiara (bideo bildumen eredua oso edatua izan da baina niri ez zait txukuna iruditzen, nahiago dut gaikako ordena: kultura, mundua, erreportaje luzeak,….). Baina honekin ere kontu handiz ibili behar da! Inguruan ez gehiegi ez gutxiegi (hutsa ikustea ere ez da komeni)! 

Denak du garrantzia gaur egun produktu multimedia on bat egiterakoan. Dena da kontuan edukitzekoa, baina oraindik egonkortu gabe dagoen esparru baten gabiltza, etengabeko aldaketekin, eta horrek aurrera zuzen eta gelditu gabe jarraitzeko oztopoak jartzen dizkio zibermedioari eta ziberkazetariari. Kazetari multimedia izaera erreprimituta dagok. Askatasuna behar du.

Erreportajea EiTBn, Zuzeun eta Argian


Post hau Ahozkotasuna eta multimedia diskurtsoa irakasgaiko 7. zereginari dagokio:
Hiru dira erreportaje multimedia bat egiterakoan kontuan eduki behar diren puntu nagusiak: hipertestualitatea, elkarreraginkortasuna eta multimediatasuna. Eta zibermedioek badakite hiru horiek ondo uztartzean datzala gakoa. Baina teori praktikara eramatea ez da erraza.Fariasek eta Prietok euren azterketetan ateratako ondorioetan azaltzen zuten gaur egun kazetari multimedia batek zer izan behar duen, eta bere inguruan zer eduki behar duen. Dena da pieza bat (kazetariarengandik hasi eta zibermedioa osatzen duen azken piezaraino) eta hori gaur egun ez da ikusten.

Aztertu ditudan hiru zibermedioetan (Zuzeu, EiTB eta Argia) hori agerian ikusten da. EiTBn bideoa lantzen da eta testuari (hipertestualitatea) eta multimediatasunari garrantzi gutxi ematen diote. Argian zertxobait gehiago lantzen dute baina elkarreraginkortasunari ez diote horrenbesteko bidea eskaintzen. Zuzeun testuari eta irudiari garrantzi gutxi ematen diote.

Ez da erraza balantza orekatuta mantentzea eta faktore asko eduki behar dira kontutan.  Kazetariak beti eduki behar du kontuan produktua ahalik eta osotuena izan behar dela eta ahalik eta esparru/plataforma gehienetara zabaltzeko aukera eduki behar duela. Beraz, hori ahaztu gabe, hiru elementuak, hiruretan bakarrik oinarrizko pare bat gauza sartuta, txertatu behar ditu kazetariak. Eta hori beti gogoan eduki behar du; produktuari adarrak sortu behar dizkio, atalez atal banatu behar du kontatu behar duena, garatu egin behar du. Bestela balantza alde batera okertzen da.

lunes, 17 de enero de 2011

Anje Duhaldek Kafe Antzokia jedez bete du

Anje Duhaldek zapatuan Ondarroako Kafe Antzokia jendez gainezka jarri zuen. Ikuslegoa pozarren egon zen abeslari euskaldunaren lehengo eta oraingo abestiak kantatzen eta protagonista bera ere oso gustora egon zen. "Oso gustora jo dut Ondarroan eta publikoa esker onekoa izan da". Guztira 350 lagun elkartu ziren Antzokian.

Kafe Antzokiak argazkiak ikusgai jarri ditu Facebook-en.

Duhaldek aurretik Antzokian eskain zuen emanaldian baino askoz jende gehiago bildu da oraingoan.

jueves, 13 de enero de 2011

Ahozkotasuna egungo zibermedioan

Testu hau Ahozkotasuna eta Multimedia diskurtsoa irakasgaiko 2. zeregina da:

             Bideoa gero eta garrantzi handiagoa hartzen doan garai honetan, ahozkotasunak bideoen edota oro har produktu multimedietan duen garrantzia ere goraka doa. Produktu bat ekoizten hasi aurretik erabakiak hartzen ditugu, konturatu gabe, automatikoki. Lanaren antolakuntzatik hasi eta ziberkazetariak berak gaiaren aukeraketa egin, horri kolpatu, produktua gauzatu eta zibermedioan kokatu arte luzatzen da katea. Zer egin nahi dugu? Norentzat? Non kokatzeko? Non zabaltzeko? Zer esateko? Zer lortzeko? Zer eragiteko?... Galdera guzti horien atzean beste milaka daude, eta horietan guztietan ahozkotasunak berebiziko garrantzia dauka. Produktua egiteko aukeratutako hizkuntza, gaiari buruzko dokumentazioa, baliabideak (eta horiekin jorratuko den hizkuntza eredua), kontakizun narratiboa eraiki (testua eraiki) eta lanaren hedapena. Atal guzti horietan aurretiaz ahozkotasuna ondo landuta edukitzea garrantzitsua da.
          Multimediatasunaren, elkarreraginkortasunaren eta hipertestualitatearen irizpideak beti aurrean edukita, ziberkazetariak ahozkotasuna ondo zehaztu behar du, prozesu osoan zehar. Eta esan bezala, prozesua goi-goitik hasten da.
         Gaur egun ezagutzen dugun lan egiteko moduarekin alderatuz (nik neuk ezagutu dudana behintzat), aurrera begira lana modu produktiboagoan egiteko sistema da hau. Ideiak argi edukita, produce once, publish everywhere. Sistema berria, non bideoak nagusi badira ere, testuak ondo zehazteak ezinbestekoa izaten jarraitzen duen, ahozkoa zein idatzizkoa izan. Testuinguratzea, testua bera egituratzea eta testuratzea egoki egin behar dira gerora produktuak ondo funtzionatzeko, edo behintzat, bide onetik joateko.

domingo, 9 de enero de 2011

Kontalaria, euskararen erabilera sustatzeko programa, martxan

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak Kontalaria izeneko kanpaina jarri du abian. Kanpainaren helburu nagusia euskararen erabilera espazio publikoetan eragitea bada ere, beste helburu batzuk ere betetzen ditu: euskararen erabilerari balioa ematea, sormena lantzea, teknologia berrien inguruan jardutea eta belaunaldien arteko harremana eta komunikazioa bultzatzea.
Funtsean, espazio publikoetan euskararen erabilera sustatzea, erabilera horri balioa ematea eta hizkuntzarekin bat eginez sormena eta teknologia berrien inguruan jardutea bilatzen du kanpaina berriak.
Helburuok lortzeko, herritarrei adierazpen tresna bat eskainiko zaie, mintzaira ludikoa eta normalizatua eraginez. Bestalde, euskarak eguneroko espazio publikoetara hurbiltzeko aukera izango du, kaleko ekintza zuzenaren bidez.

Herriz herri ibiliko den unitate mugikorra jarri da abian eta horrela nahi duen guztiak, ipuin kolektiboa, elkarreraginezkoa eta ikus-entzunezkoa egiteko aukera izango du. Unitate mugikor horren barruan, kontu-kontari jarduteko pantaila eta bideo kamara izango dira.
Zortzi lagunez osatutako lantaldeak Euskal Autonomia Erkidegoko hogei herritan egun bateko egonaldia egingo du egitasmoa bere osotasunean gauzatzeko. Herrien hautaketa egiterakoan, bi irizpide erabili dira: batetik, biztanle-kopurua (10.000 biztanle baino gehiago dituztenak), eta, bestetik, herriotako egoera soziolinguistikoa.
Kanpoko animazioaren bitartez, lantaldeak herritarren partaidetza bultzatuko du. Horretarako, bertaratzen direnei, funtzionamenduaren mekanika argituko zaie, irudi eskubideen lagapenaren berri eman eta aurreko parte-hartzaileak kontaturiko istorioa erakutsiko zaio, jarraipena eman diezaion, ipuin kolektiboa osatuz. Istorioa egiteko proposatuko diren gaiak askotarikoak izango dira: urte-sasoiarekin lotutakoak, herriko edo hiriko gaiak eta kontakizunak eta beste zenbait.
Kanpainaren ibilbidean bildutako materiala EITBren esku jarriko da, hark bere emisioetan material hori baliatuz programazio berezia egin dezan.

Hizkuntza Politika Sailaren erronkak
Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren jardunean, erronkarik garrantzitsuena euskararen erabilera sustatzea da eta lehentasunezkotzat du erabilera hori esparru ez formaletan (lagunartean, aisialdian, familian eta abarretan) bultzatzea, hau da, auzo-bizitza eta herri-bizitza egiterakoan euskara erabiltzea.

Kontalaria egitasmoaren aurkezpenean, Blanca Urgell Kultura sailburuak adierazi zuenez, Kontalaria proiektuaren bitartez, besteak beste, eguneroko espazio publikoetan euskararen erabilera bultzatu nahi da: «Proiektu honekin, gainera, euskararen erabilerari balioa eman nahi zaio. Betiere, hizkuntzarekin bat eginda sormena eta teknologia berriak landuz».
Urgellek, bestalde, inposizioetatik ihes eginez, euskara zabalduko bada, pertsuasioa dela bidea argudiatu eta horretarako ipuinek duten indarra azpimarratu zuen: «Ipuin eder bat irakurtzean edota entzutean edonork sentitu du noiz edo noiz zirrara, magia edota poza. Ez da zalantzarik ipuinak gozamenerako tresna direla. Guk argi daukagu gozamena dela biderik onena euskara bultzatzeko. Ipuinekin eta euskaraz gozamena eragitea lortu ahalko bagenu, benetan izugarria litzateke».

sábado, 8 de enero de 2011

Ispasterrek Ainhoa Arteta omendu du

Ispasterrek Ainhoa Arteta soprano euskalduna omendu du. Artetak kontzertua ere eskini zuen elizan eta emanaldiagaz batutako dirua Ainhoa Artetaren aitak jotzen duen herriko armonioa konpontzeko erabiliko dute; 2008tik Ispasterregaz anaituta dagoen Saharako Farsia herriari laguntzera ere bideratuko dute.

Kontzertuak arrakasta handia izan zuen jendearen artean. Elizan 370 lagun sartu ziren eta plazan, pantaila erraldoiaren bidez, 150 lagun inguruk jarraitu zuen emanaldia. «Emozio handikoa izan zen, eta Ainhoa Artetaren maila agerian gelditu zen barriro ere». Omenaldiaren muina herritarrek esker onez egindako opariek bete zuten: loreak eta bere izena eramango duen kalearen plaka eman zizkioten Artetari, baita Ogella irudikatzen duen koadro bat ere. Amaitu aurrean, aurreskua ere egin zioten, eta hori izan zen sopranoaren emozioari gainezka egitea eragin ziona, eta ezin izan zien malkoei eutsi. «Herriak kantatzen entzun nahi zuen bera eta hark herriaren berotasuna nabaritu zuen».
Xehetasun guztiak zainduz
Artetaren mailako kantari baten inguruan sortzen den mugimenduaz jabetuta, udal ordezkariek ekitaldia zehatz mehatz antolatu zuten: elizara sartzeko arazorik ez egotetik hasi eta azken detaileraino zaindu zuten guztia, emaitza guztiz borobilduz.

Berri Txarrak taldeak Ondarroa dar-darka jarri du

Berri Txarrak taldeak bi egun jarraian eskain ditu kontzertuak Ondarroako Kafe Antzokian eta bi egunetan aretoa jendez bete da; sarrerak agortu dira. Giro onarekin, jendea oso gustora egon da eta taldea ere pozik geratu da eskainitako bi emanaldietan jendeak eman duen erantzunaz. "Ondarruk irabazi egin gaitu".
Kafe Antzokiak Berri Txarrak taldeak eskainitako bi emanaldien argazkiak ikusgai jarri ditu Facebook-eko orrialdean. Hurrengo emanaldia Ange Duhalderena izango da, hilaren 15ean. 

Koadernaketa ikastaroa, Etxebarrian

Landa XXIk, Landa Inguruko Emakume eta Sendien Elkarteak antolatuta, eskuz egindako koadernaketaren hastapen ikastaroa egongo da emakumeei zuzenduta, euskaraz, urtarriletik martxora, Etxebarrian. Ikastaroa «guztiz praktikoa» izango da.
Hondatuta dauden liburu zaharrak berriztatzen eta koaderno edo libreta bitxiak egiten ikasiko dute parte-hartzaileek. Horretaz gainera, argazki albumak, koadernoak, eta agendak be egingo dituzte. Bai eta kutxak diseinatu, arkatzak azaleztatu, lumontziak egin eta manta kutxak eraiki be. Eskolak Etxebarriko udaletxean emongo dituzte, martitzenetan eta eguenetan, 17:00etatik 19:00etara, urtarrilaren 11tik martxoaren 22ra arte.
Ikastaroak 50 euroko prezioa dauka, eta materialak be zenbateko horren barruan sartzen dira. Izena emoteko 94- 630 07 69 telefonora deitu beharko da. Jende kopuru mugatua egongo da; hamar ikasle izango dira gehienez.

Ziurtagiria ikastaroa amaitzean
Ikastaroak irauten duen bitartean, ikasleek asegurua izango dute eta amaieran ziurtagiria emongo diete. Antolatzaileek jakitera emon dutenez, oposaketetarako puntuatzen du.

jueves, 6 de enero de 2011

OHZk egindako 'Hondarroa' urtekaria, salgai

Kalean dago jada Ondarroako urtekaria. Ondarroako Historia Zaleak elkarteak egin du datu bilketa, azken hamar urteotan egin legez, baina aurten aldaketa txiki batekin dator: izena Hondarroa izango da aurrerantzean. «XVII. mendera arteko agirietan herriaren izena era bietara idatzita agertzen da, H-agaz askotan», azaldu dute OHZkoek.
Baina, izen aldaketa horren zergatia azaltzerakoan, urtekariaren inguruan gertaturiko aldaketa baten barri emon du Historia Zaleen elkarteak: «Aurrerantzean urtekariaren lege gordailuaren jabetza OHZ elkartearena izango da, eta ez Udalarena, orain arteko moduan». Edukinetan, halan be, «betiko lan ildoekin eta betiko filosofiagaz» jarraituko dutela azaldu dute.
        (Argazkian OHZko kideak, Hondarroa urtekaria eskuetan dutela)

Salgai, herriko sei lekutan
Urtekaria salgai dago, 10 euroan, Ondarroako honako tokietan: Turismo Bulegoa, Garoa, Idiakez, Irkaitz, Zurru Murru eta Urrosolo familiaren egunkari saltokia (lehengo Kafe Marina, orain Antiguako Ama kalean). 750 aleko tirada egin dute.
Gaiei erreparatuta, ohikoa den legez, orain dela 100 jaiotakoen zerrenda dakar urtekariak. Arrantza Herria sailean hainbat aztergai dakarte, tartean XVI-XVIII mende arteko bale-ehizako dokumentuak. Erretratu zaharren otzara be ez da falta; eta oraingo honetan, Ondarroako emakumeen ekarpenak euren herriari izeneko artikulua landu dute OHZko kide diren zortzi emakumek. 36ko gerra garaiaren inguruko bost artikulu be badaude. Valentin Zubiaurre margolaria zenari eta Corrado Masacci txotxongilo egileari be eskaini dizkiete bi idazlan, besteak beste.

Datu baseen sorrera, eta hamar urteko ibilbidearen bideoa
Hamar urteko ibilbidean herritarrengandik 2.000 argazki zahar inguru batu ditu Ondarroako Historia Zaleak elkarteak. Ehunka dira egindako ahots grabaketak eta elkarrizketak be. Azken sei hilabeteetan, jardun erdiko kontratuagaz, Naiara Arrizabalaga gazte ondarrutarrak jardun du hori material guztiori sailkatzen eta datu basean gordetzen. «Argazkiena ia amaituta dago, eta hurrengo pausoa ahots eta bideoen gordailua egitea izango litzateke», dio. Kontratua amaitu arren «bihotzak aginduta» jarraitu egingo du behar hori amaitu arte.
OHZ elkarteak bere hamar urteen bilduma moduko bideoa ere ipini du Interneten.

Itsas irudien museo dinamikoa, Interneten


Juan Bidegain dokumental egile ondarrutarrak eta Jabi Etxanok egungo arrantzaren testigantzak irudietan jaso eta museo erako webgune bat osatu dute, euskaraz. Guztira zortzi dokumental egin dituzte Bidegain eta taldekideek. Baita han eta hemen makina bat sari jaso be. Eta orain, Internetera bota dute sarea, baina ez ezer arrantzatzeko, ikus-entzunezko uzta oparo hori bertan lagatzeko baino. 
«Itsas irudien museoaren tankera emon nahi genioke web orriari; sekula ixten ez dena, beti bideo barrientzako zabalik», esan dute Bidegaindarrek eta Etxanok. Museo hori beti dago zabalik; nahikoa da www.itsasoa.com helbidea ipintzeagaz. Honez gero ehunka bisita eduki dituzte bertan ageri diren bideo guztiek. «Gure aldetik, sareko itsaso honetan gure itsas bidaia brankaz hasi dugu, baina erabiltzaileen iritzi eta iradokizunen zain gelditzen gara», esan dute hiru egileek.


Hainbat bideo
Webgunean ikusgai jarri dituzten bideoetako batzuk Bidegainen dokumental luzeen zatiak dira; beste batzuk, aldiz, muntaian sartu barik geratu ziren zatiak dira, edo dokumentaletarako barik, aparte jasotako irudiak. Kontuan hartuta Interneteko ikusleen ezaugarri nagusia bizkortasuna dela, guztiak be iraupen laburrekoak dira.
Hainbat ataletan banatu dituzte irudiok: Alazean, Arrantzan, Artea, Atako Bandan, Berdeletan, Herria, Kaelatan, Kardala, Lehorretik, Lixatan, Olatuak, Portua, Rockall, Sareak eta itsasoagaz lotutako berbak, liburuak, filmak edo bestelako loturak aitatzen dituen Ubile atala.
«Itsas herrien oroimenaren zati bat duzue leku hau» diote webgunearen sarreran egileek. Olatuen modura, mugimenduan eta hazten jarraituko duen irudi museoa.

Nahixanek puntako kontzertua eskaini du Antzokian

Mutrikuko Nahixan taldeak puntako ikuskizuna eskaini zuen atzo gauean Ondarroako Kafe Antzokian. Hasiera baten aretoan jende asko batu ez bazen ere, amaierarako dena bete-bete eginda zegoen. Taldea oso gustora geratu da emanaldiagaz eta Antzokian eta ikuslego horren aurrean kontzertua jotzea "plazer" bat izan dela esan du.
Kontzertuko argazkiak ikusgai daude Kafe Antzokiak Facebook-en duen orrialdean. Hurrengo kontzertua Berri Txarrak taldearena izango da, gaur eta bihar (urtarrilak 6 eta 7). Biharko sarrerak agortuta daude.