viernes, 25 de febrero de 2011

The Cure taldearen bertsioak Ondarroan

The Exploding Boys taldeak kontzertua eskainiko du gaur (otsailak 26), 22:30ean Ondarroako Kafe Antzokian.
Aurresalmenta: 8,00 € (Zurrumurru eta Kafe Antzokia). Lehiatilan 10 €. Zenbat Gararen LAGUNAK: 6,00 €.
The Exploding Boys The Cure talde mitikoaren kantuak jotzen dituen taldea da.






Argazkian The Cure taldea.

lunes, 7 de febrero de 2011

MC Tortilla's

TILA taldeak Azken joerak telebistarako erreportajegintzan irakasgaiaren barruan lan hau egin du! Gazteak eta janaria da gaia. Ikusi! Merezi du!

martes, 18 de enero de 2011

Zibermedio euskaldunak aztertzen


Post hau Ahozkotasuna eta multimedia diskurtsoa irakasgaiko 8. zereginari dagokio:
Hipertestu egiturak garrantzi handia dauka nire ustez. Bideoak, infografiak, argazkiak eta ahotsak ezer baino aurretik erakartzen dute hartzailea baina horietara ailegatzeko bilaketa hitzez egiten du. Eta hor dago gakoa. Hipertestu egiturak hitz gakoak markatzeko aukera eskaintzen du eta horiek ondo aukeratuz gero, irakurlea bideratu egin dezakegu gurea kontsumitzera, gurean arreta jartzera. Horiek izan daitezke erreportaje multimedian zehar hartzailea gidatzeko jarraibideak. Esteken bitartez bideoetara eta gainerako elementu multimedietara bideratu daiteke eta.

Egia da bideoan jatorriak ere garrantzi handia duela. Izan ere, zibermedioak gutxien nahi duena da hartzailea beste medio batzuetara despistatzea eta salto egitea. Horregatik, bideoak beste medio batzuetatik hartzen bada, arrisku hori dago, gero bestera joateko eta gurean ez geratzeko. Hala eta guztiz ere, gaur egungo panorama aldatzen badago ere, oraindik gutxi dira (egunetik egunera gero eta gehiago) bideoak ere propioak dituzten zibermedioak.
Bideoen kokapena ere garrantzi handikoa da, baina bigarren maila batean utziko nuke nik. Lehendabizi, garrantzitsuena goiko puntuak ondo zehaztea dela uste dut. Eta horiek ondo zehaztu eta gero, kokapenari emango diogu garrantzia. Ez da komeni ingurua informazioz kargatuta ere egotea, arreta produktura bideratu behar dugu, eta ez periferiara (bideo bildumen eredua oso edatua izan da baina niri ez zait txukuna iruditzen, nahiago dut gaikako ordena: kultura, mundua, erreportaje luzeak,….). Baina honekin ere kontu handiz ibili behar da! Inguruan ez gehiegi ez gutxiegi (hutsa ikustea ere ez da komeni)! 

Denak du garrantzia gaur egun produktu multimedia on bat egiterakoan. Dena da kontuan edukitzekoa, baina oraindik egonkortu gabe dagoen esparru baten gabiltza, etengabeko aldaketekin, eta horrek aurrera zuzen eta gelditu gabe jarraitzeko oztopoak jartzen dizkio zibermedioari eta ziberkazetariari. Kazetari multimedia izaera erreprimituta dagok. Askatasuna behar du.

Erreportajea EiTBn, Zuzeun eta Argian


Post hau Ahozkotasuna eta multimedia diskurtsoa irakasgaiko 7. zereginari dagokio:
Hiru dira erreportaje multimedia bat egiterakoan kontuan eduki behar diren puntu nagusiak: hipertestualitatea, elkarreraginkortasuna eta multimediatasuna. Eta zibermedioek badakite hiru horiek ondo uztartzean datzala gakoa. Baina teori praktikara eramatea ez da erraza.Fariasek eta Prietok euren azterketetan ateratako ondorioetan azaltzen zuten gaur egun kazetari multimedia batek zer izan behar duen, eta bere inguruan zer eduki behar duen. Dena da pieza bat (kazetariarengandik hasi eta zibermedioa osatzen duen azken piezaraino) eta hori gaur egun ez da ikusten.

Aztertu ditudan hiru zibermedioetan (Zuzeu, EiTB eta Argia) hori agerian ikusten da. EiTBn bideoa lantzen da eta testuari (hipertestualitatea) eta multimediatasunari garrantzi gutxi ematen diote. Argian zertxobait gehiago lantzen dute baina elkarreraginkortasunari ez diote horrenbesteko bidea eskaintzen. Zuzeun testuari eta irudiari garrantzi gutxi ematen diote.

Ez da erraza balantza orekatuta mantentzea eta faktore asko eduki behar dira kontutan.  Kazetariak beti eduki behar du kontuan produktua ahalik eta osotuena izan behar dela eta ahalik eta esparru/plataforma gehienetara zabaltzeko aukera eduki behar duela. Beraz, hori ahaztu gabe, hiru elementuak, hiruretan bakarrik oinarrizko pare bat gauza sartuta, txertatu behar ditu kazetariak. Eta hori beti gogoan eduki behar du; produktuari adarrak sortu behar dizkio, atalez atal banatu behar du kontatu behar duena, garatu egin behar du. Bestela balantza alde batera okertzen da.

lunes, 17 de enero de 2011

Anje Duhaldek Kafe Antzokia jedez bete du

Anje Duhaldek zapatuan Ondarroako Kafe Antzokia jendez gainezka jarri zuen. Ikuslegoa pozarren egon zen abeslari euskaldunaren lehengo eta oraingo abestiak kantatzen eta protagonista bera ere oso gustora egon zen. "Oso gustora jo dut Ondarroan eta publikoa esker onekoa izan da". Guztira 350 lagun elkartu ziren Antzokian.

Kafe Antzokiak argazkiak ikusgai jarri ditu Facebook-en.

Duhaldek aurretik Antzokian eskain zuen emanaldian baino askoz jende gehiago bildu da oraingoan.

jueves, 13 de enero de 2011

Ahozkotasuna egungo zibermedioan

Testu hau Ahozkotasuna eta Multimedia diskurtsoa irakasgaiko 2. zeregina da:

             Bideoa gero eta garrantzi handiagoa hartzen doan garai honetan, ahozkotasunak bideoen edota oro har produktu multimedietan duen garrantzia ere goraka doa. Produktu bat ekoizten hasi aurretik erabakiak hartzen ditugu, konturatu gabe, automatikoki. Lanaren antolakuntzatik hasi eta ziberkazetariak berak gaiaren aukeraketa egin, horri kolpatu, produktua gauzatu eta zibermedioan kokatu arte luzatzen da katea. Zer egin nahi dugu? Norentzat? Non kokatzeko? Non zabaltzeko? Zer esateko? Zer lortzeko? Zer eragiteko?... Galdera guzti horien atzean beste milaka daude, eta horietan guztietan ahozkotasunak berebiziko garrantzia dauka. Produktua egiteko aukeratutako hizkuntza, gaiari buruzko dokumentazioa, baliabideak (eta horiekin jorratuko den hizkuntza eredua), kontakizun narratiboa eraiki (testua eraiki) eta lanaren hedapena. Atal guzti horietan aurretiaz ahozkotasuna ondo landuta edukitzea garrantzitsua da.
          Multimediatasunaren, elkarreraginkortasunaren eta hipertestualitatearen irizpideak beti aurrean edukita, ziberkazetariak ahozkotasuna ondo zehaztu behar du, prozesu osoan zehar. Eta esan bezala, prozesua goi-goitik hasten da.
         Gaur egun ezagutzen dugun lan egiteko moduarekin alderatuz (nik neuk ezagutu dudana behintzat), aurrera begira lana modu produktiboagoan egiteko sistema da hau. Ideiak argi edukita, produce once, publish everywhere. Sistema berria, non bideoak nagusi badira ere, testuak ondo zehazteak ezinbestekoa izaten jarraitzen duen, ahozkoa zein idatzizkoa izan. Testuinguratzea, testua bera egituratzea eta testuratzea egoki egin behar dira gerora produktuak ondo funtzionatzeko, edo behintzat, bide onetik joateko.

domingo, 9 de enero de 2011

Kontalaria, euskararen erabilera sustatzeko programa, martxan

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak Kontalaria izeneko kanpaina jarri du abian. Kanpainaren helburu nagusia euskararen erabilera espazio publikoetan eragitea bada ere, beste helburu batzuk ere betetzen ditu: euskararen erabilerari balioa ematea, sormena lantzea, teknologia berrien inguruan jardutea eta belaunaldien arteko harremana eta komunikazioa bultzatzea.
Funtsean, espazio publikoetan euskararen erabilera sustatzea, erabilera horri balioa ematea eta hizkuntzarekin bat eginez sormena eta teknologia berrien inguruan jardutea bilatzen du kanpaina berriak.
Helburuok lortzeko, herritarrei adierazpen tresna bat eskainiko zaie, mintzaira ludikoa eta normalizatua eraginez. Bestalde, euskarak eguneroko espazio publikoetara hurbiltzeko aukera izango du, kaleko ekintza zuzenaren bidez.

Herriz herri ibiliko den unitate mugikorra jarri da abian eta horrela nahi duen guztiak, ipuin kolektiboa, elkarreraginezkoa eta ikus-entzunezkoa egiteko aukera izango du. Unitate mugikor horren barruan, kontu-kontari jarduteko pantaila eta bideo kamara izango dira.
Zortzi lagunez osatutako lantaldeak Euskal Autonomia Erkidegoko hogei herritan egun bateko egonaldia egingo du egitasmoa bere osotasunean gauzatzeko. Herrien hautaketa egiterakoan, bi irizpide erabili dira: batetik, biztanle-kopurua (10.000 biztanle baino gehiago dituztenak), eta, bestetik, herriotako egoera soziolinguistikoa.
Kanpoko animazioaren bitartez, lantaldeak herritarren partaidetza bultzatuko du. Horretarako, bertaratzen direnei, funtzionamenduaren mekanika argituko zaie, irudi eskubideen lagapenaren berri eman eta aurreko parte-hartzaileak kontaturiko istorioa erakutsiko zaio, jarraipena eman diezaion, ipuin kolektiboa osatuz. Istorioa egiteko proposatuko diren gaiak askotarikoak izango dira: urte-sasoiarekin lotutakoak, herriko edo hiriko gaiak eta kontakizunak eta beste zenbait.
Kanpainaren ibilbidean bildutako materiala EITBren esku jarriko da, hark bere emisioetan material hori baliatuz programazio berezia egin dezan.

Hizkuntza Politika Sailaren erronkak
Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren jardunean, erronkarik garrantzitsuena euskararen erabilera sustatzea da eta lehentasunezkotzat du erabilera hori esparru ez formaletan (lagunartean, aisialdian, familian eta abarretan) bultzatzea, hau da, auzo-bizitza eta herri-bizitza egiterakoan euskara erabiltzea.

Kontalaria egitasmoaren aurkezpenean, Blanca Urgell Kultura sailburuak adierazi zuenez, Kontalaria proiektuaren bitartez, besteak beste, eguneroko espazio publikoetan euskararen erabilera bultzatu nahi da: «Proiektu honekin, gainera, euskararen erabilerari balioa eman nahi zaio. Betiere, hizkuntzarekin bat eginda sormena eta teknologia berriak landuz».
Urgellek, bestalde, inposizioetatik ihes eginez, euskara zabalduko bada, pertsuasioa dela bidea argudiatu eta horretarako ipuinek duten indarra azpimarratu zuen: «Ipuin eder bat irakurtzean edota entzutean edonork sentitu du noiz edo noiz zirrara, magia edota poza. Ez da zalantzarik ipuinak gozamenerako tresna direla. Guk argi daukagu gozamena dela biderik onena euskara bultzatzeko. Ipuinekin eta euskaraz gozamena eragitea lortu ahalko bagenu, benetan izugarria litzateke».