domingo, 9 de enero de 2011

Kontalaria, euskararen erabilera sustatzeko programa, martxan

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak Kontalaria izeneko kanpaina jarri du abian. Kanpainaren helburu nagusia euskararen erabilera espazio publikoetan eragitea bada ere, beste helburu batzuk ere betetzen ditu: euskararen erabilerari balioa ematea, sormena lantzea, teknologia berrien inguruan jardutea eta belaunaldien arteko harremana eta komunikazioa bultzatzea.
Funtsean, espazio publikoetan euskararen erabilera sustatzea, erabilera horri balioa ematea eta hizkuntzarekin bat eginez sormena eta teknologia berrien inguruan jardutea bilatzen du kanpaina berriak.
Helburuok lortzeko, herritarrei adierazpen tresna bat eskainiko zaie, mintzaira ludikoa eta normalizatua eraginez. Bestalde, euskarak eguneroko espazio publikoetara hurbiltzeko aukera izango du, kaleko ekintza zuzenaren bidez.

Herriz herri ibiliko den unitate mugikorra jarri da abian eta horrela nahi duen guztiak, ipuin kolektiboa, elkarreraginezkoa eta ikus-entzunezkoa egiteko aukera izango du. Unitate mugikor horren barruan, kontu-kontari jarduteko pantaila eta bideo kamara izango dira.
Zortzi lagunez osatutako lantaldeak Euskal Autonomia Erkidegoko hogei herritan egun bateko egonaldia egingo du egitasmoa bere osotasunean gauzatzeko. Herrien hautaketa egiterakoan, bi irizpide erabili dira: batetik, biztanle-kopurua (10.000 biztanle baino gehiago dituztenak), eta, bestetik, herriotako egoera soziolinguistikoa.
Kanpoko animazioaren bitartez, lantaldeak herritarren partaidetza bultzatuko du. Horretarako, bertaratzen direnei, funtzionamenduaren mekanika argituko zaie, irudi eskubideen lagapenaren berri eman eta aurreko parte-hartzaileak kontaturiko istorioa erakutsiko zaio, jarraipena eman diezaion, ipuin kolektiboa osatuz. Istorioa egiteko proposatuko diren gaiak askotarikoak izango dira: urte-sasoiarekin lotutakoak, herriko edo hiriko gaiak eta kontakizunak eta beste zenbait.
Kanpainaren ibilbidean bildutako materiala EITBren esku jarriko da, hark bere emisioetan material hori baliatuz programazio berezia egin dezan.

Hizkuntza Politika Sailaren erronkak
Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren jardunean, erronkarik garrantzitsuena euskararen erabilera sustatzea da eta lehentasunezkotzat du erabilera hori esparru ez formaletan (lagunartean, aisialdian, familian eta abarretan) bultzatzea, hau da, auzo-bizitza eta herri-bizitza egiterakoan euskara erabiltzea.

Kontalaria egitasmoaren aurkezpenean, Blanca Urgell Kultura sailburuak adierazi zuenez, Kontalaria proiektuaren bitartez, besteak beste, eguneroko espazio publikoetan euskararen erabilera bultzatu nahi da: «Proiektu honekin, gainera, euskararen erabilerari balioa eman nahi zaio. Betiere, hizkuntzarekin bat eginda sormena eta teknologia berriak landuz».
Urgellek, bestalde, inposizioetatik ihes eginez, euskara zabalduko bada, pertsuasioa dela bidea argudiatu eta horretarako ipuinek duten indarra azpimarratu zuen: «Ipuin eder bat irakurtzean edota entzutean edonork sentitu du noiz edo noiz zirrara, magia edota poza. Ez da zalantzarik ipuinak gozamenerako tresna direla. Guk argi daukagu gozamena dela biderik onena euskara bultzatzeko. Ipuinekin eta euskaraz gozamena eragitea lortu ahalko bagenu, benetan izugarria litzateke».

1 comentario:

  1. Albistea zabaltzeko bideak: Facebook, Twitter, Aupatu, Basauriko kultur etxearen blog-ean (http://kulturbasauri.blogspot.com/) eta Kultur Etxeen, orokorrean, EAE mailan, blogean (http://kultur-etxea-sl.blogspot.es/).

    ResponderEliminar