Alemania, Italia, Frantzia eta Erresuma Batuko aireportuak ordu batzuetan itxi egin behar izan dituzte, Europa astintzen duen elur denboralea dela eta . Gainerako Estatuetan elurrak eragin handirik eduki ez badu ere, Alemaniarako, Frantziarako, Italiarako eta Erresuma Baturako hegaldiak bertan behera geratu dira berton.
AENAk esan duenez, Estatuko gainerako aireportuetan ehundik gora hegaldi geratu dira bertan behera. Bilboko Loiu aireportuan esaterako, hamar hegaldi bertan behera geratu dira. Forondako (Gasteiz), Hondarribiako (Gipuzkoa) eta Noaineko (Iruñea) aireportuetan ostera normaltasuna da nagusi.
Europako egoera
Londresko Heathrow aireportuaren kasuan, atzo egun osoan itxita egon eta gero, gaur ez da hegazkinik lurreratuko eta bakarrik zazpi aireratuko dira.
Frantziako Roissy-Charles De Gaulle hiriburuko aireportuan ere hainbat atzerapen izan dira. Eta egoera antzerakoa da Francforteko (Alemania) aireportuan; egunean egin beharreko 1.317 hegaldietako 470 hegaldi bertan behera utziko dituztela aurreikusi baitute.
Pisako (Italia) aireportua gaur goizean berrireki badute ere, lehen orduko hegaldi batzuk bertan behera utzi dituzte. Eta Holandako Shinphol aireportuko agintariek ere gaur dozena bat hegaldi bertan behera utziko dituztela iragarri dute.
Bestetik, Erresuma Batura eta Alemaniara zihoazen 3.000 bidaiari inguru Belgikako aireportu nagusira eraman zituzten atzo.
Txekian ere denboraleak ageriko ondorioak eragin ditu eta ondorioz hainbat tren ez ziren irten geltokitik.
Momentuz, eguraldia ez dela hobetuko esan eta bidaiariei pasientzia eskatu diete aireportuetako arduradunek.
No hay comentarios:
Publicar un comentario